Kongoko Errepublika Demokratikoko indarkeriak milioika pertsonen desplazamendua eragin du, eta horietako askok babesa bilatu dute inguruko herrialdeetan, hala nola Kenyan eta Ugandan.
Kongoko emakumeek eta neskek errefuxiatu estatusa lortzeko zailtasunak dituzte, eta horrek osasun, hezkuntza, enplegu eta etxebizitza zerbitzuak eskuratzea eragozten die. Asko muturreko pobrezia-egoeran dauden esparruetan edo kokalekuetan bizi dira, eta oinarrizko zerbitzuak eskuratzeko tokiko erakundeen laguntzaren mende daude.
Farmamundi eskualdeko lau erakunderekin batera ari da lanean, Kongoko Errepublika Demokratikoko krisi humanitarioak eragindako osasun publikoko egoera kritikoen arretan, sexu-indarkeria barne. Erakunde horiek honako hauek dira: Programme de Promotion des Soins pour la Santé Primaire (PPSSP), Foundation for Health and Social Economic Development Africa (HESED), Emesco Development Foundation eta African Humanitarian Action (AHA). Emakumeen aurkako indarkeria-kasuak saihesten eta erantzuten saiatzen dira, eta bizirik dirautenei arreta psiko-sanitarioa eta soziala eskaintzen diete.
Emakumeak babesteko politiken benetako beharra dago, konponbide iraunkorrak ekarriko dituzten legeak, hala nota bizirik atera direnei laguntza ematea osasun-sistemari dagokionez, edo beren eskubideak zaintzen dituzten eta beren bizitzak berreraikitzeko prozesuan laguntzen dieten erakundeei baliabide gehiago ematea.
Eunice Ngwawe HESED Africa Osasun eta Garapen Sozioekonomikorako Fundazioaren zuzendari exekutiboa da. Farmamundik eta HESEDek Kenyan lan egiten dute Kongoko Errepublika Demokratikoko Aba hiriko errefuxiatuekin.
HESEDen, landa-eremuetako behartutako desplazamendu-egoeren eta osasunerako sarbiderik ezaren inguruan arduratzen dira. Horregatik, Farmamundirekin batera, Kenyan lehentasuna ematen diote osasun komunitarioko zerbitzuak zabaltzeari eta sexu- eta ugalketa-osasunaren gaineko prebentzioari eta orientazioari, GIB/HIESaren eta generoan oinarritutako indarkeriaren prebentzioan eta kontrolean zentratuta.
Eunice-en eskutik ezagutu emakumeen borrokak eta lorpenak, beren eskubideak berrezartzeko eta sexu-indarkeriarekin amaitzeko bidean.

Sexu-indarkeria gerra-arma gisa
Gatazka-egoeretan, oso ohikoa da emakumeak gerra-arma gisa erabiltzea, estrategia militar gisa. Baina zer esan nahi du horrek?

Sexu-indarkeriaren ondorioak
Ondorioak fisikoak zein emozionalak dira. Bizirik dirautenek denbora luzez pairatzen dituzte ondorioak, dela arazo medikoak, dela fistulak, dela ondorio psikologikoak, hala nola bizipena berpizteko trauma.

Sentsibilizatu eta saihestu
Garrantzitsua da emakumeek, gizonek eta gazteek sexu-indarkeria zer den jakitea, gero saihestu ahal izateko. Gainera, administrazioak eta tokiko liderrek egoera horien aurrean nola jokatu jakin behar dute.

Nazioarteko komunitatearen rola
Hainbat herrialde neskak eta emakumeak babestearen aldeko akordioen parte dira. Nazioarteko babesa eta lege politiko horiek betetzea funtsezkoa da giza eskubideak bermatzeko.

Elkarlaguntzarako taldeak
Bizirik atera direnek laguntza-sareak sortzen dituzte haien artean, orientatzaileekin egindako talde-saioen bidez. Horrela, elkarri laguntzen diote osasun mentalari eta sozialari dagokionez, eta berreraikitzea ahalbidetzen dieten jarduera ekonomikoak egin ditzakete elkarrekin.

Bizibideak
Emakumeak baliabide ekonomikorik gabe baina gaitasun handiekin iristen dira herrialde berrietara. Oinarrizko ekonomian trebatuta, ezagutzak eskuratzen dituzte, beren kabuz moldatu eta aurrera egin ahal izateko.

Patriarkatuaren indarkeria
Gizarte patriarkalak erabat legitimatzen du sexu-indarkeria. Kasu askotan, emakumeek jasandako abusuak salatu behar dituztenean, ez dituzte aintzat hartzen eta erruduntzat ere jotzen dituzte.

Sexu-indarkeria ikusaraztea
Laguntza psikologikoaz gain, kasu batzuek arreta medikoa behar dute erasoen ondorioz jasan dituzten lesio fisikoak, infekzioak edo sexu-transmisiozko gaixotasunak tratatzeko. Emakumeak babestuko dituzten eta haien osasuna bermatuko duten politika erreal eta iraunkorren beharra dago.